Se abre en una pestaña nueva

Mutrikuarren garaipen handia Zumaian!

15 de abril de 2025

IHART-FRIDA vs SOROZABAL-MAIALEN:
15-6, 15-11

OLHARAN-LOPEZ vs URREISTI-MANCI:
15-9, 6-15, 4-5

Giro oso ona Aitzuri pilotalekuan, Zumaiako Master Seriesaren lehen finalerdian. Publikoa bero-bero eta zesta-puntaz gozatzen. Ederra Zumaiaren bilakaera honen lekuko izatea. Jarrai dezala olatuak goruntza!

Frida zumaiarra eta Ihart Arakistain, finalera!

Emakumeen partida izan da arratsaldeko lehenbizikoa. Oihana Sorozabal biarriztarrak hasiera kaxkarra eman dio neurketari eta ez du jokoan parte hartzeko aukera handirik izan Maialen Aldazabal bikotekideak. 8-0 eta 12-1 jarri dira aurretik Ihart eta Frida eta markagailua txukuntzea lortu dute Sorozabalek eta Aldazabalek, 15-6. Bigarren jokoan bai, bigarrenean ondo hasi da bikote horia eta 10. tantura arte aurretik izan dira markagailuan. Partidaren azken txanpan marroiek buelta eman diote eta azkenean garaipena lortu dute, 15-11.

Gizonezkoen finalerdikoan, garaipen itzela lortu dute bi mutrikuarrek eta ikuskizun ederra eskeini du Eñaut Urreisti gazteak. Partidaren hasieran pilota batzuk gora joan zaizkio Manciri eta 4-3koan erraminta aldatu behar izan du, uztaia hautsita baitzeukan. Eñautek bestalde, bi saketan falta egin du eta Olharanek eta Lopezek aukera hori ondo aprobetxatu dute. 9-3, 13-7 eta 15-9. Atzelari zumaiarrak bi txapa gaineko bota ditu zabaletik, Urreistik protesta egin du pilota horien arriskuagatik baina mutrikuarra ez da partidatik atera. Kontrakoa. Bigarrenean bera izan da protagonista nagusia.

Partidu serioa egin du Mancik, bere lana ondo betez, eta Urreistik ostera, bereak eta bi egin ditu aurreko koadroetan. Erremate ikusgarriak egin ditu eta atsedenerako 3-8 jarri da aurertik bikote gaztea. Seta erraz irabazi dute, 6-15, publikoaren txalo eta ohiu artean. Desenpatean, 2-4 aurretik zirela, tantua barruan amaitu nahi izan du Urreistik baina Olharan iritsi egin da (3-4). Paueko aurrelariak eta Lopezek 4-4 berdintzea lortu dute. Emozio itzela kantxan eta harmailetan baina azkenean, garaipena mutrikuarrentzat izan da, errebotetik zetorren pilota bat erabat baztertu baitzaio Olharani. 4-5.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen