Se abre en una pestaña nueva

Bihar hasiko da iparraldeko denboraldia!

3 de julio de 2024

* Hurrengo bi hilabetetan, Ligako 38 partidu jokatuko dira Donibane Lohitzune, Biarritz eta Paueko frontoietan

* Astelehenetik ostiralera, egunero jokatuko dira partida profesionalak: Donibane-Lohizuneko «NAZIOARTEKOAK», Biarritzeko «URREZKO XISTERA» eta PAUEKO KOPA

* Hiru egoitzetan, guztira, 10 Master jokatuko dira, eta egoitza bakoitzak fase amaierako Slam txapelketa izango du

* Urreisti mutrikuar gaztea, Urrutia eta Etcheto dira aurtengo nobedadeak.

* 15 partidu emango dira telebistaz, Canal Plus Sport, ETB, France Bleau, Kanaldude edota 3 Noa kanaletan, eta hortik gora frontoi bakoitzaren Youtube plataformetan.

* Partiden inguruko info guztia mugikorreko JAI ALAI LEAGUE aplikazioan.

Johan eta Portet, Urreisti eta Del Rio-ren aurka. Horrela hasiko da aurtengo Iparraldeko eta Paueko zesta-punta profesional denboraldia. Lehen partida hori bihar jokatuko da, ostegunez, Donibane Lohitzuneko Campos Berri pilotalekuan, gaueko 21:45tan hasita. Donibaneko lehen Masterreko finalerdia izango da. Behin partida hori jokatuta, eta datorren astelehenetik aurrera, etenik gabe jokatuko dira zesta-punta partidak, Jai Alai Leagueko 10, 11 eta 12garren probari dagozkionak.

Biarritzen, Urrezko Xisterako partidak, astelehen eta asteazken guztietan. Donibane Lohitzuneko Nazioartekoak, astearte eta ostegunetan. Eta Paueko Kopa, ostiraletan. Hau gutxi ez eta pilotariek Hegoaldeko txapelketekin osatuko dute euren agenda estua.

Biarritzek eta Donibanek, bakoitzak lau Master antolatuko dituzte, finalerdi bi eta final batekoak. Pauek, bi Master antolatuko ditu eta frontoi bakoitzak bere fase amaierako Slam txapelketa izango du, Master horietako pilotari onenekin. Gogoratu Masterretan, Ligarako 1.000 puntu daudela jokoan eta Slam txapelketetan 2.000 puntu.

Pilotariei dagokionez, Iparralde eta Hegoaldeko antolakuntzak elkar adostutako sei pilotari izango dira, eta aurre-kanporaketa bidez sartutako beste bi. Azken hauek Thomas Urrutia garaztarra eta Nicolas Etcheto, Ahetzeko atzelaria dira.

Titularrak berriz, Erkiaga, Barandika, Laduche, Olharan, Johan, Tambourindeguy eta Eñaut Urreisti aurrean. Aurrelari mutrikuarra, berritasuna da eta bere aldeko apustua egin du Ligak. Atzean berriz, Basque, Del Rio, López, Minvielle, Portet, Gorka Sorozabal eta Zabala.

EÑAUT URREISTI, BERRITASUNA

Eñaut Urreisti mutrikuarrak 20 urte beteko ditu abuztuan. Aurrelari bizia eta elektrikoa da eta Eraman! enpresatik, hainbat aukera eman dizkio azkenaldian Iñaki Osa Goikoetxea kirol zuzendariak. Lekeitio eta Zumaian jokatu du, Bilbo eta Markina-Xemeingo aurre-kanporaketetan ere bai eta Iparraldeko ateak ireki zaizkio. Gazte mailan txapel ia guztiak lortu ditu eta Estatu Batuetan ere denboraldi ona egin zuen bertako koadro gaztean. Bere zeregina, maila horretan jokatzen ikastea izango da, esperientzia batzea eta aukera gehiago iritsiko badira, pazientziaz hartzea.

JAI ALAI LEAGUE APLIKAZIOA

Hemendik aurrera izango dugun Ligako egutegia ikusita, kazetari eta berriemale guztioi zuen mugikorretan JAI ALAI LEAGUE aplikazioa jeistea gomendatzen dizuegi, partida eta emaitza guztien berri izan eta pilotarien estatistikak eskura izateko. iOs eta Android plataformetan dago eskuragarri.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen