Opens in a new tab

Erkiagarentzat lehen finala!

2026-11-15

Kargatzen

Hil ala biziko partida jokatuko du bihar Aritz Erkiagak. Hiru aldiz Winterreko txapelduna denak hasiera eskasa eman zion aurtengo edizioari (2-0 galdu, eta -9ko tanto-averagea) eta irabaztera behartuta dago, bigarren urtez jarraian, lehen fasean kalean geratu nahi ez badu. Johan eta Ibarluzea garaitu behar ditu lehenik, eta ligaxka amaitu baino lehen Olharan eta Gorka izango dituzte aurkari. Bi partida eta bi final, Erkiaga-Salegi “pantera arrosentzat”.

Bihar galduz gero, matematikoki kalean al leudeke? Goiz da hori jakiteko. Emaitza gehiago ezagututa, karanbola zailen batek salba ditzake agian, baina oso oso zail izango lukete. Hiru partidatik bi galduta, ia ezinezkoa da hurrengo fasera sailkatzea. Johan eta Ibarluzea ere galtzetik datoz, eta sailkapenean puntu bat izan arren, hauek ere irabazi egin behar dute.

Aurtengo lehen jardunaldian, Eñaut Salegik bere lana bete zuen baina Erkiaga ez zen fin ibili. Ispasterkoak huts gehiegi egin zituen “esku-eskuan” baina egoera iraultzeko, soberako gaitasuna dauka. Winterra da urteko txapelketa garrantzitsuena. Jarraitzaileen gogokoena eta mediatikoena da, eta Winterrean gertatzen denak denboraldi osoa markatzen du. Aritzek badaki Salegik ez diola huts egingo, baina hala ere, ez du partida erraza izango.

Johan Sorozabal eta Ion Ibarluzea, egiteko dagoen bikotea da. Elkarrekin gutxitan jokatutakoak dira eta atzelari markinarrak huts gehiegi egin zituen azken jardunaldian, batez ere, partidaren hasieran. Johanek ala ere, tantua dominatu eta bukatzeko gaitasuna erakutsi zuen eta lehen jokoan bera izan zen protagonista, 12 eta 7-ko kontrako markagailua iraultzerako orduan.

Lapurtarrak abiadura itzela ematen dio pilotari, benetako misilak jaurtzen ditu atzeko zulora eta Ibarluzeak berak ere errebes luzeagoa dauka, bere herrikide Salegik baino. Fisikoki ere, ahalmen handiagoa dute marroiek baina segurtasuna eta erregulartasuna dira beraien ahulguneak. Bi arlo horietan ez dute hutsik egiten, teorian behintzat, Erkiagak eta Salegik eta Aritzek, oraindik ere, berak bakarrik irabaz ditzake partidak, duen magia hori ateratzen badu.

➡️ A MULTZOA

1. 🟢 Goixerri-Lekerika 4 pt (+9)
2. ⚪️ Olharan-Gorka 3 pt (+6)
3. 🟤 Johan-Ibarluzea 1 pt (-6)
4. 🌸 Erkiaga-Salegi 0 pt (-9)

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen