Opens in a new tab

Ihart eta Maia, ikuskizun itzela eta urrezko gerrikoa!

2026-09-29

Kargatzen

* Faborito izan gabe, merezimendu osoz irabazi dute Ihart Arakistainek eta Maia Goikoetxeak Jai Alai League-ko txapela.

* Berriatuko atzelari gazte eta indartsuak piloteoan dominatu egin du eta Sopelako bere aurrelariak erakustaldi itzela eman du 10eko partida jokatuz.

* Maia Goikoetxearentzat, bere bigarren Urrezko Gerrikoa da erreskan.

Argazkiak ikusi

Ihart Arakistain (Sopela, 2006) eta Maia Goikoetxea (Berriatua, 2011) dira Jai Alai Leagueko txapeldun berriak. Emakumeen kategorian bigarren edizioa izan da aurtengoa eta Goikoetxeak bere bigarren Liga titulua lortu du erreskan. Iaz Elaia Gogenolarekin lortu zuen eta aurten Ihart Arakistainekin. Arai Lejardiren kasuan, markinarra bi finaletan geratu da txapela lortzetik pausu bakarrera.

Ligako rankingean aurrelari eta atzelari onenak izanik, faborito tituluarekin atera dira Carmelo Balda pilotalekura Elaia Gogenola eta Arai Lejardi. Elkarrekin irabazia dute aurten Markina-Xemeingo txapela baina gaur aurkari oso gogorrekin egin dute topo Donostian. Partidak hasiera-hasieratik erakutsi du berdintasun handia izango zela. Bina eta hiruna berdindu ostean, bi tantuko aldea hartu dute Elaiak eta Araik baina atsedenaldiaren bueltan, berriz berdindu (8-8) eta aurretik jarri dira urdinak (10-11). Lauretan gazteena izan arren, Maia Goikoetxea da indartsuena eta pilotakada gutxi nahikoak ditu, piloteoan agintzeko. Arai Lejardik bere mailan jokatu du, pilota asko sartu, huts gutxi egin eta eskuinez tantu batzuk eginez. Baina Ihart Arakistainek, oso ondo bilatu du ezkerreko pareta, Arai eskumaz sartu ez zedin. Urdinek dominatuta, Elaiak ez du jokoan sartzeko aukera gehiegi izan eta egin duenean, prezipitatuta jokatu du une batzuetan. Ihartek ostera, piloteoan bezala, errematean ere asmatu egin du, batez ere sahietseko bere posturan, pilotaren norabidea oso ondo markatuz. 12-15 irabazi dute, faborito ez zirenek, lehen jokoa.

Bigarren setean, Elaia eta Arai zuzenago hasi dira, Maia Goikoetxeak behartu gabeko hutsak ere egin baititu. 4-0eko abantaila hori ondo baliatu dute faboritoek, markagailuko aldea kudeatzeko (6-2, 8-5, 10-7). Ihartek eta Maiak partida konpenetratua jokatu dute. Ondo kokatu dira kantxan, Araik eskuinez jotzen zuenean, Goikoetxeak bere posizioa aurreratu eta punpa-gora (“bote-corrido”) sartzeko. Hala ere, moreek desenpatea behartzea lortu dute (15-10 bigarren jokoan) eta hasiera ona eman diote kitarako setari (2-0). Hortxe geratu dira. Ihartek eta Maiak erreskan egin dituzte behar zituzten bost tantuak (2-5) eta merezita eramango dute, hurrengo denboraldi osoan, Liga txapeldunen Urrezko Gerrikoa.

Gaurko finalean, 16 tantu egin ditu Ihart Arakistainek (6 horma-biko, 4 atzean, 3 moztuta, 1 dejadaz, 1 errebotean eta beste 1 sake-errestoan). Maiak ere bi horma-biko egin ditu, atzean dominatuz egindakoez gain.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen