ERKIAGA-GORKA ETA IHART-MAIA, LIGAKO FINAL HANDIRA!
Final 4, 2. finalerdiak
Donostiako Carmelo Balda pilotalekua
Denboraldi osoko esfortzuaren ondoren, tanto bakar batek erabaki du Ligako final handirako sailkapena. Bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan ere, launako berdinketa erakutsi du Carmelo Baldako pilotalekuak. Zirrara eta emozioa soberan, ezin gehiago eska. Azkenean, Erkiaga-Gorka eta Ihart-Maia bikoteak izan dira sarituak, Gipuzkoako hiriburuan publiko asko bildu duen jardunaldi honetan. Are gehiago bilduko dira astebete barru eszenatoki berean. Jai Alai League denboraldiko bi bikote txapeldunak erabakiko dira eta Ligako txapeldunaren Urrezko Gerrikoa egongo da jokoan, ostera ere zesta-puntaren distira berreskuratu duen Donostiako kantxa mitikoan.
Partida ederra eskeini digute gizonezkoetan lau protagonistek. Urreistik eragiten zuen zalantza gehien, bi hilabetez geldirik izanda. Besoko lesioa gaindituta, konfiantza hartuz joango da mutrikuarra eta konfiantza hori hartzeko, lagun ezin-hobearekin jokatu du, Unai Lekerikarekin. Gernikarrak egin du partidako lehena, tantu luze eta borrokatu baten ostean. Ondo sartu da kantxara bikote urdina, baina Erkiagak hasiera itzela eman dio finalerdiari: atsedenaldiko 8 eta 7koan, zazpi tantu eginak izan ditu jada. Tartean, errebotez egindako bi harribitxi (5-5 eta 6-5 tantuak). Egindakoak gehiago izan dituzte arrosek, baina baita huts egindakoak ere. Urreisti eta Lekerika oso seguru aritu dira eta hamarnakoaren ondoren egin die ihes setak.
Bigarren setari, Urreistik eman dio hasiera ikusgarria. Zazpigarren koadrotik, dejada ikusgarria jaurti du, Erkiaga erabat engainatuz. Pilota bizia bilatu dute berdeek, eta motelagoa Erkiagak eta Gorka Sorozabalek. Pilota bizi horrekin, min egin du Lekerikak eskuinez eta Erkiagak ere huts gehiago egin du, batez ere erasoan. Hiru tantuko aldea hartu dute EƱautek eta Unaik (5-8) eta aurrean, erremate sorta utzi digute Urreistik eta Erkiagak. 6-8, Erkiagak hormabikoa. 6-9, Urreistik sake errestoan apurtu. 7-9 eta 8-9, Erkiagaren bi horma biko. Bederatzina eta hamarna berdindu ondoren, berdeek abantaila hartu dute berriz, Lekerikak goiti behera tantu ona egin du momentu egokian (13-14) eta Gorkak xisteran ikutu duen pilota batek (13-15) eman die desenpaterako aukera.
Azken setean, hiru tantuko abantaila hartu dute arrosek (3-0, Erkiagaren bi egindako eta Urreistiren huts bat). Berdeek hortzak estuturik eutsi nahi izan diote final handirako esperantzari eta Urreistiren errebote on batek jarru du launakoa. Azken tantu erabakigarrian, Gorka Sorozabal agertu da. Partidan zehar ere, behin baino gehiagotan, ondo kokatu du eskuinez pilota aurkarien artean eta halaxe egin du partidako azken tantua ere. Eskuinez, bien artera, goitik behera botata. Erkiaga eta Gorka hilaren 28ko final handian izango dira, duela hiru urte elkarrekin irabazitako Ligako titulua irabazteko asmotan. Aurkari gogorrak dituzte parean: Barandika -egungo txapelduna- eta Basque -Ligako rankingean pilotaririk onena-.

Ihart eta Maia, final handira
Emakumeen final handian, iazko bi txapeldunak kantxan izango ditugu aurten ere, baina elkarren arerio bihurtuta. Pasaden astean Elaia Gogenolak bezala, gaurko finalerdian garaipena lortu du Maia Goikoetxeak. Pilotari berriatuarra egungo atzelari indartsuena da eta aurkariak dominatzea lortu du gaur ere, partidaren zatirik handienean. Lehen jokoan, 6-1 jarri dira aurretik (hormabikoak eta txapa gainekoak sartu ditu Maia gazteak) baina Maitek eta Fridak seina berdintzea lortu dute. Berdinketak gutxi iraun du hala ere, Ihart eta Maia zuzenean joan baitira 15. koadrora. Sopelako aurrelariak ere ondo aprobetxatu ditu aurreko koadroetan hartu dituen pilotak, besteak beste, sahietsez ondo errematatuz. Frida atzean mantendu eta Maiteri jokoan sartzen utzi ez, horixe izan da moreen estrategia.
Bigarren jokoan, gauzak nabarmen aldatu dira. Maitek jokoan gehiago parte hartu ahal izan du eta aurrelari arabarrak erasokor jokatu du. Fridak ondo eutsi dio atzean eta asko borrokatuta 10-15 irabazi dute. Hirugarren eta azken setan ostera, bikote morea izan da berriz nagusi. 3-0 aurreratu dira Arakistain eta Goikeotxea. Lanak erdi eginda izan arren, kosta egin zaie bukatzea. Frida zumaiarrak lortu du launako berdinketa baina atzelari gipuzkoarrak huts egin du azken tantoan eta ihes egin die finalerdiak. Elaia-Arai eta Ihart-Maia, horixe izango da 2025-26 denboraldiko Ligako final handia.





