Opens in a new tab

Final Four: Barandika bere 3. liga tituluaren bila!

2026-09-14

Irailak 14, 19:00tan (ETB 1, 21:45tan)
Final 4 finalerdiak-Jai Alai League
Carmelo Balda, Donostia

ELAIA-ARAI vs LUR-OAIA
BARANDIKA-BASQUE vs JOHAN-MANCI

Xabi Barandika bere 3. Liga tituluaren bila aterako da astelehen honetan Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan. Irabaziz gero, hirugarren Jai Alai League-a litzateke erreskan gernikarrarentzat eta lehen finalerdian, faborito gisa ageri dira bera eta Basque, Johan Sorozabal eta Mikel Mancisidorren kontra. Bi bikoteen helburua, garaipena lortu eta irailaren 28ko final handirako sailkatzea da. Gernikako pilotariak lehen aldiz lortu du Liga erregularreko sailkapenean lehen aurrelari gisa bukatzea. Aritz Erkiagaren denboraldia, aurrekoak baino irregularragoa izan da eta titulu handirako lehia zabaldu egin da, aurrelari gehiagoren artean. Are gehiago, Ispasterkoa Iparraldeko finaletatik kanpo geratu ondoren. Barandika ostera, maila bete-betean iristen da Donostiara. Denboraldiko momenturik onenean dago. Ukalondoko lesio larria gainditu eta gero emaitza ikusgarriak lortu ditu, Gernikako, Donibane Lohizuneko eta Paueko final handiak irabazita.

Jai Alai Leagueko urteko titulua Final 4-an erabakitzen da eta saikapeneko lehen aurrelariak, lehen atzelariarekin osatzen du bikotea. Kasu honetan, Thibault Basquerekin. Bidartekoak denboraldi gora-beheratsua izan du. Winter Seriesa irabazi eta gero, maila baxuagoan aritu da udako Iparraldeko txapelketak iritsi arte. Denboraldi bukaera onari esker, Ligako aurreneko postuan bukatu du aurtengo sasoia eta gogotsu ekingo dio Final 4-ari. Izan ere, Barandika eta Basque bikoteak badu zer esanik. Winter Seriesean ere bikotea osatu zuten baina Barandikak ezin izan zuen lesioagatik, final handi hura jokatu (Johan Sorozabalek hartu zuen bere lekua, Basquerekin txapela jantziz). Orain, Barandika eta Basque elkarrekin dira berriz ere kantxan eta helburua ez da denboraldiko txapelketa soil bat irabaztea, Jai Alai League-ko titulua eskuratu eta hurrengo denboraldi osoan Urrezko Gerrikoa soinean eramatea baizik. Hori eragozten ahaleginduko dira astelehen honetan, Johan Sorozabal -sabelaldeko lesioa gainditu berritan- eta Mikel Mancisidor “Manci” -bere debuta da Final 4ean-. Astebete barru Erkiaga-Gorka eta Urreisti-Lekerika bikoteek jokatuko dute bigarren finalerdia.

Jai Alai Leagueren lehen edizioa (2022-23) Durangoko Ezkurdin bukatu zen eta Erkiaga eta Gorka izan ziren lehen txapeldunak. Hurrengo urtean eta eszenatoki berean, Barandika eta Lopezentzat izan zen garaipena. Iazkoa, Donostiako lehen ekitaldia izan zen eta Barandikak eta Lopezek beraien bigarren Liga eskuratu zuten erreskan. Arrakasta handiko zita izan zen, Donostiako Carmelo Balda pilotalekuari zesta-puntaren distira itzuli ziona (Jesus Arizmendi arkitektuaren eraikin brutalista zoragarria, Anoetako kirol eremuan kokatua).

* Elaia eta Arai, faboritoak

Emakumeen kategorian, Elaia Gogenola eta Arai Lejardi faborito gisa aterako dira Lur Lejardi eta Oaia OtaƱoren aurka. Lur eta Oaiarentzat lehen aldia da Final 4-ean eta ezustekoa emateko gaitasuna dute, batez ere, Lejarditarretan ahizpa gazteena denak, bere eguna badu. Pilotari elektrikoa da Lur. Parean, egungo Ligako txapelduna daukate, Elaia Gogenola, Urrezko Gerrikoaren jabea. Denboraldi honetan, Zumaian, Mutrikun eta Markina-Xemeinen eskuratu ditu txapelak eta egungo atzelari onenarekin jokatuko du, Arai Lejardirekin. Markina-Xemeingoak ez zuen denboraldia ondo hasi baina egoera irauli eta sailkapenean atzeko aurkari guztiak gainditzea lortu du. Hilaren 21ean bigarren finalerdia jokatuko dute Maite-Frida eta Ihart-Maia bikoteek.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen