Opens in a new tab

Urreisti vs Goitia: voltio handiko partida Bilbon!

2026-05-08

Bilboko Deportivo pilotalekuan boltio handiko partida jokatuko da gaur. Kuadroko bi aurrelari “elektrikoenak” ditugu aurrez aurre: Alex Goitiandia (Markina-Xemein, 25 urte) eta Eñaut Urreisti (Mutriku, 21 urte). Winter Serieseko txapeldunordea bata; Banakako eta Cesta All Starreko txapelduna bigarrena, eta Ligako egungo liderra.

Bi pilotariek dituzte maila altuko atzelariak. Bizkaitarrak Gorka Sorozabal izango du lagun (iazko txapelduna, Erkiagarekin irabazita), eta gipuzkoarrak Thibault Basque. Bikote oso gogorra osatzen dutela erakutsi dute mutrikuarrak eta bidartarrak. Partidak garrantzia handiagoa hartu du, Erkiaga eta Manciren porrotaren ostean. Urreisti eta Basquen aurka galdu zuten lehen jardunaldian eta azken hauek gaur ere irabazten badute, Bilboko finalerdietan izango dira. Kasu horretan, multzoko bigarren sailkatua erabakitzeko dena zabalik geratuko da, Erkiaga-Manci eta Goitia-Gorkaren arteko datorren asteko partidan. Ostera, gaurko garaipena Goitia eta Gorkarentzat bada, Erkiagak eta Mancik oso zail izango dute lehiaketan aurrera egitea, -16 tantuko kontrako averagea dute eta.

Gaurko lehen partida, Johanek eta Atainek finalerdietarako sailkapena lortu nahi dute, bikote “gernikar” baten aurka. Eñaut Astelarra 18 urteko aurrelari gazteak hartu du Olharan lesionatuaren postua (belauneko kolpe batek utzi du kanpoan). Ordezko postu hori, aurre-kanporaketa fasean lortutako emaitzek eman diote Astelarrari eta Unai Lekerikarekin jokatuko du. B multzoko hirugarren bikoteak atseden hartuko du gaur (Libois-Ibarluzea). Lehen jardunaldian 15-10, 15-12 galdu zuten Johanen eta Atainen aurka.

Giro itzela espero da beste behin ere Deportivon. Eserleku ia guztiak aurrez salduta daude.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen