Badoa aurrera 2025-26 denboraldiko Jai Alai League-a: Durango, Pau, Berriatua, Gernikako Winterra, Biscayne Cup-a Floridan, berriz ere Durango, eta orain Gasteiz. Arabako hiriburura iritsi da zesta-puntako Liga profesionala, Olabe pilotalekuan gizonezkoen eta emakumezkoen Master puntuagarriak jokatzeko. Laugarren edizioa da aurtengoa eta txapelketaren beraren sendotasun eta egonkortasuna erakusten digu horrek. Hiru ostiralez jokatuko dira neurketak, guztiak ere arratsaldeko 18:30tan hasita eta jaialdietako bakoitzean kinielen erakustaldi bat jokatuko dute Arabako hiriburuko zesta-punta klub banak: Gasteiz Jai Alaik eta Araba Airean sortu berriak.
Gizonezkoen finalerdian, egungo bi pilotari onenetakoak izango ditugu kantxan. Bata, Aritz Erkiaga Ispasterko maisua. Winter Seriesean finalerdietatik kanpo geratu zen, Biscayne Cup-ean ezin izan zuen Lopezekin finala irabazi (saskia apurtu zitzaion zumaiarrari), baina Berriatuan txapela lortu zuen eta Ligako rankingean hirugarren aurrelaria da momentu honetan. Udako denboraldirako asko falta da baina puntuak pilatzen jarraitzea komeni zaio Erkiagari, lau onenen artean sailkatu eta denboraldi amaierako Final Four-a jokatzeko. Pasaden astean Cabanillasen (Nafarroako Erribera) garaipena lortu zuen Ispasterkoak. Ligatik kanpoko partida izan zen baina konfiantzari eusteko garrantzitsua.
Atzean ostera, Winter Serieseko txapeldun bat dugu. Thibault Basque bidartarra. Egungo atzelari onenetakoa. Bere posizioan ranking-eko laugarrena. Erkiagak Jon Zabalarekin osatuko du bikotea eta Basquek, Aaron Gonzalez de Matauko aurrelari arabarrarekin.
*Emakumeen 3. txapelketa
Emakumeen kasuan, denboraldiko hirugarren proba da Gasteizkoa. Berriautan Lur Lejardi eta Maia Goikoetxea nagusitu ziren, Durangon jokoan da Euskotren Winter Seriesa eta Gasteizen, Lur Lejardi, Oaia OtaƱo, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal izango ditugu arratsalde honetan lehian.
Datorren astean beste bi goi mailako partida jokatuko dira, bigarren finalerdietan: Maite Ortiz de Mendibil eta Julen Del Rio gasteiztarrak sartuko dira jokoan:
Sorozabal-Romane vs Maite-Frida
Johan-Lopez vs Urreisti-Del Rio
*Durango
Eta Durangon, emakumeen jaialdiarekin batera gizonezkoak sartu dira astelehen honetan jokoan. 19:00tan hasiko da jaialdia. Ligarako puntuagarria:
Elaia-Eneritz vs Erika-Frida
Erkiaga-Atain vs Laduche-Manci





