Gizonezkoen Eusko Label Winter Series eta Biscayne Cup txapelketen ondotik, emakume pilotariek bereganatuko dute zesta-puntaren harreta hurrengo asteetan. Ligako denboraldia Berriatuan hasi zen eta lehen Master Series horretan, Lur Lejardi eta Maia Goikoetxeak lortu zuten garaipena. Durangoko Ezkurdi pilotalekuak, Jai Alai Leagueko bigarren proba hartuko du orain. Bigarrena, eta ziurrenik, entzutetsuena ere badena: Euskotren Winter Seriesa.
Emakumeen Winter Seriesak 4. edizioa beteko du aurten eta txapelketa mailaz hazita dator gainera. Lau bikote izatetik, sei bikote partehartzaile izatera pasa da eta beraz, jardunaldi bat gehiago jokatuko da. Sei bikote horietatik bi, finalerdietan sartuko dira zuzenean, tartean Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi, iazko txapeldunak.
Elaia Gogenolak, iazko finalista eta Jai Alai League-ko egungo txapelduna denak ere, finalerdietan hasiko du txapelketa, Eneritz Lizardi lagun duela. Atzelari mutrikuarrak Winterreko bi edizio galdu ditu lesio larri batengatik baina hala ere, oso gertutik eta hasiera hasieratik jarraitu du emakumen Ligaren sorrera. Aurtengoa, ezustekorik ezean, osorik leihatuko duen lehen Jai Alai League-a izango da Lizardirentzat eta Durangokoa, Ligarako puntugarria den bere lehen Euskotren Winter Seriesa.
Gainerako leihakideak Maite Ortiz de Mendibil, Oaia Otaño, Ihart Arakistain, Maia Goikoetxea (Ligako txapelduna, Elaiarekin batera), Erika Mugartegi, Frida Watkins, Lur Lejardi eta Maialen Aldazabal izango dira. Txapelketak Master Series kategoria izango du: 1.000 puntu irabazleentzat, 600 azpitxapeldunentzat, 360 finalerdiak gainditzen ez dituztenenetzat eta 180 final-laurdenetan kanporatzen dituzten bi bikoteentzat.
Gizonezkoen Master Seriesa
Emakumeen Winter Seriesarekin batera, gizonezkoen txapelketa ere jokatuko da martxoaren 9, 16 eta 23an. Bi finalerdi eta finala, aurtengo honetan, banaka beharrean binaka. Gizonezkoen kasuan, Jai Alai League denboraldiko 6. proba puntuagarria izango da eta honako bikoteek hartuko dute parte: Erkiaga-Atain, Laduche-Manci, Olharan-Zabala eta Urreisti-Lekerika.
Gorka Mugartegi “Atain” gazte markinarrak bere debuta egingo du, Ligako pilotari titular gisa. Hemendik aurrera eta Daniako denboraldia bukatuta, Eraman! enpresarekin jokatu du, martxoaren 19an 22 urte beteko dituen atzelariak.
Mikel Mancisidor “Manci”-ren kasuan, atzelari gipuzkoarra Ezkurdin berragertuko da. Abenduaz geroztik geldirik egon da, abdomeneko lesio baten erruz. Bertan behera utzi behar izan zuen Winter Series txapelketa eta Portet frantziarrak hartu zuen bere lekua.
Estatu Batuetako txapelketaren ondotik, Lekerikak ranking-eko lider izaten jarraitzen du (5.590 pt), Gorka Sorozabal da bigarren (4.690 pt), Urreisti hirugarren (4.500 pt), Johan laugarren (4.470 pt) eta Erkiaga bosgarren (4.000 pt)
Euskal Telebista
ETB 1-ek Durangoko finalerdiak eta finalak eskeiniko ditu, astelehenetan, gaueko 22.20tan hasita.





