Opens in a new tab

Goitia-Lekerika, heldutasuna eta ofizioa

2026-02-13

Bost ediziotan, Winterreko bere hirugarren finala jokatuko du domeka honetan Unai Lekerikabeaskoak. Gernikarrak galdu egin zuen 2023an (Barandikarekin) eta 2024an (Goikoetxearekin) eta aurtengo honetan atera nahi du arantza. Eskuin besoko lesioek Lekerikaren emaitzak baldintzatu dituzte azken urteetan, baina orain, denboraldi luzea darama minik hartu gabe, eta horri esker goi-mailan ari da.

Prestaketa profesionala jarraituz, bere aurrelariari eman dio Unaik Winter honetan protagonismoa. Baina Goitiaren txispak nahitaezkoa du Lekerikaren segurtasuna, final handira iristeko. Unairen ezaugarrientzat Gernikakoa ez da frontoirik egokiena, baina zesta-puntan asko balio du besteak baino pilota bat gehiago sartzeak. Lekerika baino gehiago inork gutxik sartu du pilota Winter honetan. Eskuinarekin tantuak egin ditu bai, baina defentsa ikusgarria erakutsi du Lekek. Bera da Ligako ranking-eko liderra eta 31 urterekin, ofizio asko dauka. Goitia eta bera, biak dira gainera plazagizonak.

Markina-Xemeingo aurrelaria izan da Winter honetako nobedade nagusia. Iazko udaran eman zuen jauzia, herriko Grand Slama irabaziz. Heldutasuna hartu du Goitiak. Bere kualitateak lehengoak dira, baina erabaki oker gutxiago hartzen ditu eta erabaki zuzen gehiago. Hizketan ere, heldutasuna erakusten du eta publikoarekin konektatzen du bai kantxan eta baita mikrofonoan ere. 68 kilorekin, pilotari izugarrizko abiada emateko gai da eta abiadura horrekin egiten ditu tantuak. Dituen hanka bizkorrekin, ez da erraza gainera, berari tantua sartzea.

Hanka bat Ameriketan eta bestea Euskal Herrian, hala ari da Goitiatar gaztea, baina badaki gaur egun, pilotari errekonozitua Euskal Herrian egiten dela eta horren bila ari da. Ahal duen guztietan, Gernikan izaten da Alex entsegu serioak egiten. Seriotasun horrek eraman du Winterreko finalera, Lekerikarekin konexio oso ona lortuta.

Bikote berdeak bi partida galdu ditu txapelketan. Lehena Erkiaga-Ibarluzearen aurka (desenpatean) eta bigarrena, finalerdietan, Barandika eta Basqueren aurka (15-6, 15-14). Azken partida horretan erakutsi dute euren maila txarrena. Halakorik errepikatzen ez badute, finala irabaztetik gertu egongo dira eta alde izango dute gainera publikoa.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen