Opens in a new tab

Urte bukaerako festa handia Gernikan

2025-12-29

Abenduak 29, 18:00-tan (ETB 1, 22:15-tan)

Eusko Label Winter Series-ak festa handi batekin emango dio amaiera txapelketaren lehen fase lehiatuari. Gernikako frontoia “kotilloi” handi baten lekuko izango da gaur. Harmailak beti izaten dira beteta, baina gaurko espero den giroa, gutxitan bezalakoa da. Hori gutxi ez eta txapelketa bera ere, pil pilean dago. Finalerdietarako laugarren bikotea ezagutzea falta da eta hori gauko jaialdian erabakiko da.

Barandika eta Basque, Urrutia eta Del Rio-ren kontra. Partida bakarrera jokatuko da sailkapena. Ez dago kalkulagailu beharrik. Ez tanto-average edo puntuen batuketarik. Irabazten duena, finalerdietan izango da eta galtzen duena kalean. Finalerdiak, iaz bezala, ligaxka eran jokatuko dira eta bikote bakoitzak hiru partida jokatuko ditu. Hiru partida, zesta-puntarentzat foko handienekoa den txapelketan. Pilotari batek izan dezakeen eskaparate handienean.

Urreisti-Lopez, Johan-Gorka eta Goitia-Lekerika bikoteak dagoeneko sailkatuta daude. Laugarren postu horretarako, faborito dira Barandika eta Basque baina dagoeneko sorpresa handi bat eman dute Urrutiak eta Del Riok, Urreistiri eta Lopezi irabazita. Bigarren ez-ustekoa ematea da, bikote marroiaren helburua. Tentsioa eta urduritasuna ondo kudeatzen duen bikoteak, asko izango du irabazita.

Gaurko lehen partida, bestalde, Erkiaga eta Ibarluzearen agurreko neurketa izango da. Azken bi edizioetako txapeldunek ez dute zorterik izan. Galdutako bi partidak, desenpatean galdu dituzte, tanto bakarrarengatik (5-4) eta aurkariek baino tantu gehiago eginda gainera. Ispasterko aurrelari bikainak Berriatuan hautsi zuen, pasaden ostiralean, azken sei partidetako bolada txarra eta Gernikako kantxara ere amorruz aterako da gaur, onena dela erakustera.

Gaurko emaitza ezagutzeko zain, antolakuntza hasi da jada finalerdietarako egutegia osatzen eta urtarrilaren 5-eko lehen partida, Urreisti-Lopez eta Goitia-Lekerika bikoteek jokatuko dute.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen