ETB 1-22:15tan
A multzoari dagokion partida erabakigarria jokatuko da gaur arratsaldean Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Gertutik jarraituko dute norgehiagoka Erkiaga eta Ibarluzea, azken bi edizioetako txapeldunek, bizirik jarraitzeko emaitza bakarrak balio baitie: Laduchek eta Zabalak 2 set eta 1 irabaztea. Hori gertatzen ez bada, kalean izango dira. Garaipena lortzea ezinbestekoa da Getariako aurrelariarentzat eta Markina-Xemeingo atzelariarentzat, galduz gero kalean izango baitira hauek ere.
Laduche egungo txapeldun-ordea da, botere handiko mutila eta Gernikan edonoren aurka irabazi dezakeela erakutsi duena. Hala ere, bikote zuriaren handicap handiena erregulartasuna da. Partida oso bat, hasi eta amaitu, maila berean egitea. Edozein kasutan, tanto gutxiago eginda lortu zuten Erkiaga eta Ibarluzearen aurka irabaztea. Nola? Set bat irabazi eta desenpatean dena emanda.

Goitia eta Lekerikak ostera, oso sentsazio onak erakutsi zituzten txapelketa hasieran. Baina bikote berdeak hilabete t’erdi darama elkarrekin, bikote gisa jokatu barik eta gaurko partida oso garrantzitsua da. Galduko balute, Erkiaga eta Ibarluzearen aurka jokatu behar izango bailuteke, finalerdietarako sailkapena. Alex Goitiandia “Goitia” larunbatean iritsi zen Estatu Batuetatik Euskal Herrira. Lur hartu eta ordu gutxira, Gernikako frontoian ari zen, kantxari neurriak hartzen. Izan ere, Miamiko “Magic City” pilotalekua frontoi laburra da eta material sintetikoz jokatzen dute bertan. Euskal Herrian, gauzak asko aldatzen dira.





