Opens in a new tab

Emozio gehiago ezin Winter Serieseko A multzoan!

2025-11-18

Kargatzen

Winter Serieseko A multzoa sutan dago. Olharanen eta Gorkaren garaipenak (2-0) are emozio gehiago jarri dio multzo honi eta oraindik dena da posible. Paueko aurrelariak Johan Sorozabal lesionatua ordezkatu du, baina ez hori bakarrik. Bera izan da laukoteko onena eta bere jokoak, bigarren postura igo du bikote laranja. Momentu honetan, Erkiaga eta Ibarluzea txapeldunak dira A multzoan garaipena lortu ez duten bakarrak eta Laduche-Zabala bikotea hirugarren postura jaitsi da, 13 tantuko tanto-average negatiboarekin. Gauzak hórrela, partida erabakigarria izango da abenduaren 1-erako programatuta dagoena: Erkiaga-Ibarluzea, Johan eta Gorkaren aurka. Sorozabal anaietan gazteenak egun horretarako bueltatu nahi du bere orkatileko lesiotik, baina azken unera arte zalantza izango da.

Bi setak hasi dira modu beretsuan, Olharan eta Gorkaren abantailarekin (2-7 lehenengoan, 2-6 bigarrenean). Olharan izan da laukoteko onena. 13 tantu egin ditu, hauetako asko kalitate handikoak. 37 urterekin, gauza ezberdinak egiteko gaitasunari eusten dio Jean Do-k. Errebotez zabalera egindako tantu ikusgarria esaterako, alboko posturatik botata. Gorka Sorozabal ere seguru agertu da atzean eta orohar, bikote laranjak huts gutxiago egin ditu eta gehiago asmatu du. Estrategia, Ludovic Laduchi jokoan sartzen uztea izan da. Honek pilota hartu duenean, arriskua eragin du, tantu ederrak ere bai, nahiz eta opariak ere egin dituen. Ederra izan da laugarren tantuan sartu duen bote-prontoa edota 7-9koan errebotean bota duen horma bikoa. Olharanek hala ere, ez du maila jeitsi eta berea izan da partidako txik-txakik perfektuena. Partida handia egin du Pauekoak, joko eraginkorra eta ikuskizuna bikain uztartuz.

Lehen seteko 9-15ekoaren ondoren, dena jarri da laranjen aldeko. Bigarrenean ere alde handia hartu dute (2-6, 3-7, 4-8) baina bere huts batzuek eta zuriek egindako tantuek, hamarnako berdinketa ekarri dute. Ez da nahikoa izan. Olharan eta Gorka jokoan kontzentratutago egon dira gaur eta ondo defendatu dute garaipena, sailkapenerako urrezko lau puntu lortuta. Johan lesiotik garaiz itzuliko den ala ez, horixe geratzen zaigun zalantza. Abenduaren 1-ekoa, partida benetan garrantzitsua izango baita. Erkiaga eta Ibarluzea egungo txapeldunek, behar beharrezkoa dute garaipena.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen