Opens in a new tab

Winter Series: itzelezko partida begi bistan!

2025-11-10

Kargatzen

Ikusmin handia eragin du Winter Serieseko biharko partidak. “Partidatzarra”, teorian. Ikusi egin behar ea aurreikuspenak betetzen diren ala ez. Protagonistetako bik -Lopezek eta Barandikak- Ligako Txapeldunen “Urrezko Gerrikoa” daramate soinean. Elkarrekin irabazi zuten, Donostian, Jai Alai Leaguea, eta orain elkarren kontra jokatuko dute Gernikan, Eusko Label Winter Serieseko tituluaren bila.

Urreistik eta Lopezek erakutsi digute jada beraien maila. Bikoteak bikain funtzionatu zuen Goixerri eta Manciren aurka eta 2 eta 0-eko garaipen argia lortuta, lau puntu batu dituzte sailkapenean eta B multzoko liderrak dira. Ezagunak dira Eñauten eta Imanolen ezaugarriak, baina pilotari hauetako bakoitzaren arma bat aipatu nahi genuke gaurkoan. Urreistik izugarrizko punpa-gora (“bote-corrido”-a) dauka errebesez. Horrek pilota zailetara sartzea bermatzen dio, utziz gero 10. koadrora joango liratekenak. Baina punpa-gora sartuta, Eñautek jokoa moztu egiten du eta aurkariak zailtasunean jarri: 1- aurrean errematatuz edo 2- atzera bota eta dominatzen jarriz.

Lopezi buruz dena dago esanda. Urte asko dira goi-mailan jokatzen baina zumaiarraren arma garrantzitsu bat aipatu nahi genuke gaurkoan. Errebotea. Gaur egun, ezinbestekoa da aurrelariek indarrez eta gogor erreboteatzea, baina atzelariaren errebotea ere ezinbestekoa da. Ondo eta barrura erreboteatzen duen atzelari batek (errebesez edo eskumaz), tantuak aurrera jarraitzea esan nahi du, eta askotan, beranduago, norbere aldera erortzea. Imanolen errebotea bikaina da, ondo kolokatuta, barrura, aurrerariari kenduz… eta horrek beste abantaila bat ere badauka. Ez du “txula”-ko zuloa zertan hainbeste zaindu eta bere posizioa aurreratu dezake. Nahiz eta arrisku batzuk dakartzan, abantailak gehiago dira Lopezen kasuan.

Barandika eta Basquerentzat, biharko partida debutekoa da Winterrean. Urreisti eta Lopezekin alderatuz, ezaugarri ezberdinak dituzten pilotariak dira. Fisikoagoak, indartsuagoak, defentsa handikoak, eta pilotaren jaurtikera biolentoa dutenak.
Barandikari eta Basqueri irabaztea, oso oso zaila da. Arrakala gabeko bikotea dira eta gernikarra oso momentu onean iritsi da Winterrera. Zazpi hilabete dira, lesioaren ondoren berragertu zela eta bere buruan konfiantza handia ari da erakusten, baita erasoan ere. Hori bai, horiak garaipen batek ematen duen lasaitasun puntua dute, eta moreek aldiz, debut eguna dute. Porrot batek zalantzak eragin ditzake bikotean eta ligaxkan hiru partida besterik ez dira jokatzen. Ondo hastea eta puntuatzea, oso garrantzitsiak dira.

Ea lau pilotariek euren mailako ikuskizuna ematen diguten. B multzoko beste bi bikoteak, Goixerri-Manci eta Urrutia-Del Rio, adi adi egongo dira partida jarraitzen. Sarrerak agortuta daude.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen