Larunbat honetan hasiko da Gernikako Grand Slama, kategoria goreneko urteko bosgarren txapelketa eta Jai Alai League-rako erabakigarria. Bi hilabete eskas falta dira Liga erregularra amaitu eta sailkapeneko zortzi onenek, Donostiako Final Four-a jokatzeko. Hor erabakiko da urteko titulu nagusia eta lehen posturako borrokan, aurrez aurre ditugu Eñaut Urreisti eta Aritz Erkiaga aurrelariak.
Urreisti eta Erkiaga, lehen posturako borroka
Markina-Xemeingo Grand Slamak aldaketa garrantzitsuak eragin ditu Jai Alai League-an. Nabarmenena lider aldaketa izan da. Eñaut Urreisti mutrikuarrak Aritz Erkiagaren lekua hartu du eta 1.520 puntu ateratzen dizkio ispastertarrari. Bi pilotari errematatzaile, bi belaunalditakoak (Erkiagak 38 urte ditu eta Urreistik abuztuan beteko ditu 21). Erkiaga da espezialitateko jaun eta jabe, bera da rankingean aste gehien lehen postuan egin dituena, baina aurreko urteetan ez bezala, aurten lehen postu horretarako lehia gogorra dauka. Pasaden astean bertan, Erkiaga eta Lekerikak garaipen erosoa lortu zuten Urreisti eta Lopezen aurka Donibane Lohizunen baina Mutrikuko aurrelariak gogor jarraitzen du txapelketaz txapelketa. Lehia hori egotea, Erkiaga estutuko duen norbait izatea, ona da kirolarentzat eta ona da zestazaleentzat.
Urreisti eta Erkiaga, Erkiaga eta Urreisti. 1.520 puntuko aldea dute sailkapenean eta 2.000 puntu daude jokoan Gernikako Grand Slamean. Hori gutxi ez eta sailkapeneko lehen biak, txapelketako multzo berean jarri dituzte. Erkiaga-Lekerika, Urreisti-Manci eta Olharan-Basque bikoteek osatzen dute A multzoa. B multzoan berriz, Barandika-Gorka, Johan-Del Rio eta Laduche-Lopez neurtuko dira.
Barandika gernikarra, lehen jardunaldian
Txapelketari hasiera emateko Barandika-Gorka eta Laduche-Lopez bikoteak lehiatuko dira, zapatu honetan bertan, 21:00tan hasita. Gernikako aurrelariarentzat “lesio urtea” izan da aurtengoa baina txapelketa garrantzitsu batzuk galdu arren, oraindik badu Final Four-era sailkatzeko aukera. Momentu honetan Ligako 10.a da, eta laugarren aurrelaria. Beraz, postu hori mantenduz gero, Final Four-era sailkatu eta Lopezekin iaz irabazitako txapela defendatu ahal izango luke.
Lopez-ek berak jauzi nabarmena eman du sailkapenean Markina-Xemeingo txapela lortuta. 12. Postutik 8.era pasa da, baina oraindik ez da lau atzelari onenen artean sartzen. Zumaiarrarentzat behar beharrezkoa da, Gernikako Grand Salmean eta Iparraldeko udako txapelketetan puntu asko pilatzea, Ligako tituluaren borrokan izateko.
Larunbateko bigarren partidan, Urreisti-Manci mutrikuarrek Olharan eta Basque izango dituzte aukari. Markina-Xemeingo finalistak beraz (Urreisti eta Basque), elkarren kontra izango dira Gernikan.
Txapelketa honetan faltako dena Alex Goitia izango da. Gernikan aurre-kanporaketa fasea jokatu du markinarrak eta Ibarluzearekin batera, finalerdietan joan da kanpora, Urreisti eta Manci-ren aurka galduta.





