Bikote perfektua osatu dute Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik Euskotren Winter Serieseko finalean. Horren lekuko izan da Durangoko Ezkurdi pilotalekua. Arimarik ere ez zen sartzen frontoian. Winterreko finala ez da txapelketako partidarik onena izan, bikote baten nagusitasuna agerikoa izan delako. Helena eta Arai piloteoan nagusitu dira. Pilota atzerago bota dute. Huts gutxiago egin dituzte. Eta errematean, tokatzen zenean, beste erakustaldi bat eman du aurrelari durangarrak. Azken urtean, seguruenik, gorakada handienetakoa izan duen puntista da eta EITBren partetik pilotari onenaren saria jaso du.
Partida hasieran urduritasunak ere eragina izan du bikote horiarengan. Batez ere, Oaia Otaño, 16 urteko mutrikuar gaztearengan. 3-0, 7-2 eta 9-3 jarri dira marroiak aurretik. Helenak, errebesez bere lehen hormabikoak sartu ditu. Arai beti egon da kantxan ondo kokatuta eta joko serioa egin dute biek. Partida zaila izan da Elaiarentzat ere, piloteoan gainetik pasa dute aurkariak eta jokoan sartzeko aukera gutxirekin, egin duenean, zerbait desberdina egiten saiatu da, batzutan aldeko eta bestetan kontrako emaitzarekin. Setaren bigarren partean, horiak gehiago sartu dira partidan. Aurkarien erasoari gogor erantzun dio Otañok, bata bestearen atzetik pilotak frontisera erantzunez. Elaia ere jeitsi da laguntzera eta tanto gogor eta on batzuk jokatu dituzte. 14 eta 8-koa Gogenolak egin du, txokoan bikain utzita baina ordurako seta erabakita egon da. 15-8.

Bigarren jokoan aldaketaren bat ikusi eta emozio gehiagoren desioa izan du publikoak baina ez da halakorik gertatu. Helena eta Araik bere jokoari eutsi diote eta hasieratik amaierara arte dominatu dituzte tantua gehienak. Elaia eta Oaia ostera, partida guztian bezalaxe, beti defentsan aritu dira eta defentsan egin dituzte tantuetako batzuk. 2-1ekoa adibidez, Otañok pilotakada dezente eraman ditu segidan atzeko koadroetatik eta azkenean berak egin du tanto, errebesez bota eta pilota zaila jarrita. Hala ere, 5-1etik 10-2ra joan dira Barrenetxea eta Lejardi markagailuan. Helenak, horma bikoz eta txokoan bukatu ditu tantuak, Elaiak ere egin du bat, sahietsez hormabikoa botata baina 15 eta 4 bukatu da partida.
Jai Alai Leaguen, denboraldiko 3. garaipena da Lejardirentzat, Berriatuko eta Gasteizko txapelen ondotik. Gaurkoan, Helena Barrenetxeak jaso du EITB-k ematen duen Winter Serieseko pilotari onenaren saria. Hurrengo zita, Lekeition izango da.





