Osteguna, finalerdia:
URREISTI-GORKA vs JOHAN-LOPEZ
Ostirala, finalerdia:
BARANDIKA-LEKERIKA vs ERKIAGA-MANCI
Larunbata, FINALA:
23:00tan, EH-ko ordua, ETB-n zuzenean
Ostegunean hasiko da Floridako Dania Beachen, BISCAYNE CUP txapelketaren lehen edizioa. Jai Alai League, zesta-puntako liga profesionalaren lehen nazioartekotzea da. Pausu garrantzitsua, apustu handia, eta noski, bere arriskuak ere badituena, Ligarentzat eta Daniara txapelketa hau eraman duen Eraman! enpresarentzat. Konbentzimenduz hartutako erantzukizun handiko erabakia baita.
Biscayne Cup-ari buruz, jakin beharrekoak:
1. Jai Alai Leagueko denboraldiko 5. txapelketa da: Biarritzeko Opena, Paueko Cesta de Nadau, Eusko Label Winter Series eta Daniako bertako aurre-kanporaketa jokatu dira lehenik.
2. Master kategoriakoa da eta lau bikotek hartuko dute parte: aurre-kanporaketa irabazi duten Urreisti-Gorka, eta Euskal Herritik beren-beregi joan diren Erkiaga-Manci, Barandika-Lekerika eta Johan-Lopez.
3. Ordutegia: Finalerdiak Euskal Herriko goizaldean (jaialdiaren hasiera, gure goizaldeko ordubatean). Finala, Euskal Herriko 23:00tan (ETB-n zuzenean).
4. Bikote irabazleak, Ligarako 1.000 pt irabaziko ditu, bigarrenak 600 eta 3.ak eta 4.ak 360 pt.
5. Dania Jai Alai: frontoi historikoa da, 1953an eraikia. Durangoko Ezkurdi, Gernikako Jai Alai edo Donibane Lohizuneko Campos Berri baino zaharragoa. Azken 72 urteetan, urtero jokatu da bertan zesta-punta denboraldia. Historia handia dauka. Gaur egun, 3 hilabeteko denboraldia jokatzen da eta denboraldi hori Jai Alai League-ren parte da, hortik sailkatu baita bikoteetako bat: Urreisti-Gorka. Frontoia bera, “The Palace” ezizenarekin izendatu zuten, bere elegantziagatik. 5.000 bat lagunentzako tokia, pianista, sofa zuriz osatutako palkoa, jatetxea… leku ikaragarria zen. Pilotariak eurek ere, trajez joan behar izaten ziren frontoira, korbata edo pajarita jantzita. Behin errentagarritasuna galduta, harmailak moztu egin zituzten eta orain, zutik eta eserita, 700 bat lagunentzako tokia dauka.





