Opens in a new tab

Winter Series: faborito argidun final handia

2025-02-16

ERKIAGA-IBARLUZEA vs LADUCHE-MANCI

Ordutegia:
11:00, ateak ireki
11:45, pilotarien aurkezpena harmailetan (jendea ordurako eserita)
12:00, finala hasi

ETB-n:
11:40, emankizuna hasi

Ez da sekretua. Eusko Label Winter Series txapelketaren 4. edizioko finalak bikote faborito argi bat du: Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak osatzen dutena. Egungo txapeldunak dira, Aritz beste pilotari guztien gainetik dago, Gernikako kantxa neurri-neurrikoa du eta finalerdietako ligaxkan, nagusi izan ziren Laduche eta Manciren aurka. Orain arteko edizioak kontutan hartuta, hauxe da, bikote bat bestea baino nabarmen faboritoago den finala. Gogoratu: lehen urtean (Erkiaga-Zabala vs Goikoetxea-Aimar), bigarrenean (Beaskoetxea-Lopez vs Barandika-Lekerika), hirugarrenean (Erkiaga-Ibarluzea vs Goikoetxea-Lekerika).

Hala ere, lau edizioetan hauxe izan da, usteak eta faboritismoak hankaz gora gehien jarri dituena. Belaunaldi berri bat indarrez sartzen ari da eta finalean gertatzen dena gertatzen dela, gauza on eta positibo asko utzi dizkigu aurtengo txapelketak. Laduchek eta Mancik asko irabazi dute txapelketa honetan eta biharko finalean, ez dute ezertxo ere galtzeko. Sorpresa asko egon dira aurtengo Winterrean, eta hori ikusita, ez litzateke hainbesteko sorpresa izango, txapelketa bera “sorpresa” batekin amaitzea. Hau guztia esanda, zorterik onena lau pilotariei.

Finala jokatu eta ordu gutxira, Estatu Batuetara hegaldia hartuko dute Erkiagak eta Mancik, Biscayne Cup txapelketa jokatuko baitute Lopez, Lekerika, Barandika, Johan, Gorka eta Urreistirekin batera. Horren aurretik, aurtengo Winter Serieseko puntuak banatuko dira eta Jai Alai Leagueko ranking-a eguneratuko da. Bikote txapeldunak 2.000 puntu jasoko ditu eta azpitxapeldunak 1.200.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen