EƱaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek, Daniako (Florida) BISCAYNE CUP txapelketa jokatuko dute. Gure goizaldean jokatu da bertako aurre-kanporaketa faseko finala eta 21-6 irabazi diete Joan Tambourindeguy eta Danel Mandiolari. Estatu Batuetan, set bakarrera jokatu dituzte aurre-kanporaketak, finala 21 tantura baina beste guztiak 15era. Gorriak hasiera hasieratik hartu dute aldea eta beste erritmo, abiadura eta indar bat erakutsi dituzte. Euskal Herrian, gorengo mailako pilotarien aurka ari dira jokatzen eta horren ondorioz, Urreistik eta Gorka, goi mailako erritmo horretan planteatzen dituzte partiduak.
Garaipen honi esker, Biscayne Cup-era sailkatu dira eta bikoteak ezagutzen ez baditugu ere, Erkiaga, Lopez, Johan, Manci, Barandika eta Lekerikarekin batera arituko dira, otsailaren 20, 21 eta 22an, Danian bertan. Hala ere, aurrekanporaketa fasea ere Jai Alai Leaguerako puntuagarria da eta hauek dira orain arte pilatutako puntuak:
DANIAKO AURRE KANPORAKETA (Dania Invitational):
Urreisti-Gorka: 500 pt
Tambourindeguy-Danel: 300 pt
Garcia-Laborde: 180 pt
Victor-Oyhenard: 180 pt
Celaya-Oierdi: 90 pt
Aaron-Portet: 90 pt
Txanika-Atain: 90 pt
Benetrix-Zugaitz: 90 pt
Urreisti gipuzkoarrak, partiduko garaipenaz gain, jaialdi horretako kiniela denak irabaztea lortu du. 7, 8 eta 9 kinielak, eta ondorengo partidua. Floridako denboraldiko estatistiketan, lehen postuan da Urreisti (72 kiniela), bigarren Gorka (71), hirugarren Tambourindeguy (70), laugarren Txanika (65) eta bosgarren Oyhenard (64). Hala ere, kontuan izan behar da, Urreistik eta Gorkak kiniela gutxiago jokatu dituztela, Winter Seriesa jokatzera Euskal Herrira egin dituzten bidaiengatik. Are meritu handiagoa du, Danian izaten ari diren nagusitasunak.





