Opens in a new tab

Ihart-Arai eta Erkiaga-Argoitia, Berriatuko finalean!

2024-12-29

IHART-ARAI vs ERIKA-MAIA
15-12, 15-13

ERKIAGA-ARGOITIA vs OLHARAN-LEKUE
15-6, 15-10

Tente egoteko ere lekurik ez Berriatuko Mendibarrenen. Frontoia goraino bete da Master Series txapelketaren lehen jardunaldia ikusteko. Herrikoak noski, zestazaleak dira eta, baina kanpotik ere asko. Inguruko herrietatik eta urrutiagotik ere bai. Bi finalerdi jokoan eta bietan garaile argiak, euren partiduak 2-0 irabazita. Ihart Arakistain eta Arai Lejardi emakumezkoetan, Aritz Erkiaga eta Ortzi Aldazabal “Argoitia” gizonezkoetan. Laurak izango dira urtarrilaren 10-eko finaleran.

Emakumezkoen partidan, estrategia argia izan dute Ihartek eta Araik. Erika Mugartegi gainetik pasatzera joan dira. Markinarrari jokoan sartzen ez uztera. Galtzen hasi dira (2-4, 3-7) baina zazpina berdindu ostean, euren helburua lortu dute, pilota batean aurkarien erdira eta bestean atzeko zulora botata. Ondo defenditu da Maia gaztea ere, baina atzeko koadroetan ikaragarrizko segurtasuna, kolokazioa eta bista ditu Arai Lejardik. 13-9koaren ondoren, horiak 13-12 urreratu dira baina berdinketarako izan duten aukera ez dute aprobetxatu eta marroiek irabazi dute seta. 15-12.

Bigarren jokoan marroiek izan dute abantaila, berdinketak izan dira bosgarren eta zortzigarren kartoietan baina 5-0eko partzialaren ondoren, abantiala handia eskuratu dute Ihartek eta Araik (13-8) eta horiek estutu badute ere, 15-13, garaipena beraientzat izan da. Arairen jokoaz gain, aurrean maila ona erakutsi du Ihart Arakistain sopeloztarrak eta markagailua aldeko izan duenean, erremate politak ere egin ditu.

Gizonezkoen partidan, lasai atera da kantxara Argoitia gaztea. Winter Seriesean debutatu eta maila ona erakutsi izanak, presioa kendu dio Berriatuko Mastersera begira. Seguru agertu da, huts gutxi eginez, kantxa ondo kubrituz eta pilota gaitzak sartuz. Bere aurrelariak, Erkiagak, ikaragarrizko ikuskizuna eman du. Lehen setean, Olharanek eta Lekuek ezin izan dute Ispasterkoaren erasoaldia inondik inola geldiarazi. Tantoak egiteko, espazio handiak nahi dituela esan du azken egunetan Erkiagak. Gernikan bezala. Baina Berriatuko kantxa laburrean ere, bera da errematean min gehien egiten duena. Errebeseko jokaldietan, itzelezko abiadura eman dio pilotari. Epaileek ere nahikoa lan izan dute, sarearen kontra, euren gorputzak babesten. (2-0, 3-1, 6-2, 11-3, 12-4, 14-5, 15-6).

Bigarrenean joko gehiago egon da, nahiz eta hemen ere Erkiaga eta Argoitia 5-1 aurreratu. 8-3koaren ondotik, horiek pausu bat aurrera eman dute eta Olharanen saskiratze eta erremateek publikoaren txalo zaparradak eragin dituzte. “Home ron”-a egiten ere ahalegindu da Pauekoa. Pilota ez da errebotetik frontisera iritsi baina Erkiagak ezin izan du buenara eraman. Errebotean horma-biko eder bat ere bota du Pauekoak eta bigarren jokoan, bere jokoa erakusteko aukera gehiago izan du. Lekueren laguntzarekin tanto bira urreratu dira (11-9) Erkiagak “honaino!” esan duen arte. Azkenean bigarren jokoa ere marroientzat (15-10).

Finala Barandika-Del Rio edo Antxon-Lekerikaren kontra jokatuko dute, Del Rio gasteiztarra datorren asterako sendatzen bada behinik behin. Emakumeen kasuan, Elaia-Frida eta Helena-Maialen bikoteen artean erabakiko da finalista.

Argi dagoena da, hurrengo bi asteetan ere Berriatuko Mendibarrenen giro itzela egongo dela. Hori baino lehen, astelehen honetan, Eusko Label Winter Seriesa. Adi, jaialdia 19:00tan hasiko da eta. Bi partida jokatuko dira eta sarrerak duela aste asko agortu ziren: Johan-Lekerika vs Olharan-Zabala, Erkiaga-Ibarluzea vs Urrutia-Basque. Bigarren partida, finalaurrekoan gurutzatuko diren bi bikoteren artekoa.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen