Opens in a new tab

Goitiarentzat erronka

2024-12-16

Abenduak 16, 19:30tan (ETB 1, 21:45)
GOITIA-DEL RIO vs LADUCHE-MANCI

Gabon jaien atarian etxera itzuli da Alex Goitiandia markinarra. Hilabete batzuk daramatza Miamiko “Magic City” frontoian jokatzen eta Euskal Herrira bueltatuta, Gernikako kantxara egokitu beharko du bere jokoa. Ez du lan erraza. Goitiari kosta egin zaio AEB-tako frontoi laburrera egokitzea. Frontisa eta errebotea beirazkoak, pilotaren efektuak diferenteak dira eta zestaz jokatzeko modua egokitu egin behar da. Orain aldiz, kontrako ariketa egin beharko du. 57 metroko Gernikako kantxa erraldoian jokatzea berez da gaitza eta Goitiaren baldintzetan, gaitzagoa.

Hemen, sakea ateratzea ere, ariketa konplikatua da. Aurkaria 5. koadroan zain egotean da eta hari kendu ezean, sprint luze eta bizkorra egin behar izaten du aurrelariak, aurkariaren jokaldira iristeko. Esan beharrik ez dago: kubritu beharreko kantxaren azalera ere handia da, erreboterako indarra eta kolokazioa behar dira eta piloteoan ere, “gatza” behar da.

Matematikak errazak dira. A multzoan, Urreisti eta Gorka finalerdirako sailkatuta daude eta Barandika eta Lopez, dagoeneko kanpoan. Geratzen zaizkien partidetan, Goitiak eta Del Riok, Laduchek eta Mancik baino LAU puntu edo GEHIAGO atera behar dituzte. Batuketak egiteko, bi norgehiagoka dituzte bizkaitarrak eta arabarrak, eta bakarra, lapurtarrak eta gipuzkoarrak.

Ekuazio honetan, beste hainbat aldagai ere badaude: Laduchek eta Manci konfiantzaz beterik iritsiko dira, Barandika eta Lopezi irabazita. Gaur irabaziz gero, finalerdietan daude. Goitiak eta Del Riok aldiz, gaur garaipena behar dute. Hori lortuta, baliteke datorren jardunaldian galduta ere, sailkatzea (jokoan ezer ez duten Barandika eta Lopezen aurka).

Beraz, gauzak nahiko argi daude. Bi bikoteek euren eskutan dute sailkapena. Laduchek eta Mancik gaur irabaziz gero, dena erabakita egongo da. Goitiak eta Del Riok irabaziz gero, kontuak egin beharko dira: ez da berdin 2-0 edo 2-1 irabaztea. Lehengo aukerarekin, nahiko lukete Barandika eta Lopezen kontra set bat irabaztea. Gaur 2-1 irabaziz gero berriz, datorren astean berriz irabaztera behartuta daude.

ERKIAGAREN PORROTA PAUEN

Ostiralean Pauen jokatutako “Cesta de Nadau” txapelketan, Erkiagak eta Minviellek galdu egin dute Johan eta Basqueren aurka: 13-15, 15-13, 3-5. Gernikan 2.000 zale batzen dira astelehenero baina Bearnoko hiriburuan ere jendetza elkartu da, Jai Alai Leaguerako puntuagarria den txapelketan. Finala ostiral honetan: Barandika-Lekerika vs Johan-Basque.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen