Eusko Label Winter Series, 7. jardunaldia
Astelehena, 19:30tan (ETB 1, 21:45tan)
LADUCHE-MANCI vs BARANDIKA-LOPEZ
Urreisti-Gorka, Erkiaga-Ibarluzea eta Urrutia-Basque jada sailkatuta, postu bakarra geratzen da libre Winter Serieseko finalerdietarako. Bi bikote kalean daude: Olharan-Zabala eta Johan-Lekerika. Eta libre geratzen den postu bakar horretarako, hiru hautagai izango ditugu lehian, bihartik hasita. Set eta tanto bakoitza, erabakigarria izango da Laduche-Manci, Barandika-Lopez eta Goitia-Del Riorentzat.
Hiru bikoteetako bakoitzak partidu bakarra jokatu du, guztiek ere Urreisti eta Gorkaren aurka, eta orain beste bi geratzen zaizkie. Euren artekoak alegia. Jokatutako partida bakar horretan, puntu bat arraskatu dute Goitia-Del Riok eta Laduchek eta Mancik. Barandikak eta Lopezek ostera, hutsean dute markagailua. Baina orain arte egindakoak baino, hemendik aurrera egingo dutenak erabakiko du sailkapena.
Biharko partidak badu bere bikote faboritoa. Barandika eta Lopez, Jai Alai Leagueko egungo txapeldunak. Egoera hauek kudeatzeko nahikoa esperientzia dute eta jokoz ere punta-puntako pilotariak dira. Aurkarien estrategia, egoerari buelta eman eta faboritotasuna presio bilakatzea da. Zer galdu ez duenak badu bere abantaila, honako partidetan. Barandikak eta Lopezek Pauen jokatu dute ostiralean, Cesta de Nadau txapelketako lehen finalerdia. Garaipena Barandikak eta Lekerikak erdietsi dute, 15-9, 14-15 eta 3-5 Olharan eta Lopezen aurka.
Biharkoari begira eta jokoari erreparatuta, Laduchek eta Mancik ere badituzte euren abantailak. Mikel Manzisidorrek partidu borobila jokatu zuen Urreisti eta Gorkaren aurka. Gernika kantxa itzela da, 57 metro bete behar dira eta Mancik, bere ohinekin, kantxa asko kubritzen dio bere aurrelariari. Hori abantaila itzela da bikote batentzat, eta are handiagoa, hutsik ere apenas egiten badu. Lopez figura handia da, baina 40 urterekin, kantxan mugitzea gehiago kostatzen zaio, normala denez. Zumaiarrak horregatik ditu beste ezaugarri batzuk, hain berezi eta goi-mailako egiten dutenak. Pilotalekuan duen posizioa, jaurtiketaren kontrola, pilota sartzeko erraztasuna eta bikotea zuzentzeko lidergoa.
Aurreko aldean bi pilotari fisiko ditugu. Biak azkarrak eta indartsuak. Agian ez dugu erremate askorik ikusiko baina pilotari bizi emango diote. Batzuen iritziz, irregularragoa izango da agian Laduche, baina baita arriskutsuagoa ere. Kontuz ibili behar da beti lapurtarrarekin, batzutan zer egingo duen asmatzea zaila izaten baita. Egindako eta huts egindako pilota kopuruak erabaki dezake, bikote bakoitzaren patua.
Biharko partidan edozer gertatuta ere, Goitia eta Del Rioren aukerak berdin berdin mantenduko dira. Hori bai, bihar galtzen duena, finalerdietara sailkatzeko ia aukera gabe geratuko da. Barandika eta Lopezen kasuan zehazki, matematikoki kalean egongo dira 2-0 galtzen badute.





