Urriak 14, 19:00tan (ETB 1, 22:20tan)
Sarrerak: www.eramanjaialai.com
Urrutia-Lekerika vs Urreisti-Del Rio
ERKIAGA-BASQUE vs BARANDIKA-LOPEZ
Ezkurdi pilotaleku historikoa prest dago beste zita garrantzitsu bat bizitzeko, pasaden asteko emozio handien ostean. Jai Alai Leagueko 2. finalaurrekoa, baina final itxurakoa. Erkiaga eta Basque, Barandika eta Lopezen aurka. Ranking-eko lehenak, laugarrenen kontra. Laugarrenak Barandika eta Lopez? Hala da bai. Gernikarrak, bere belauneko lesioa dela eta, denboraldiaren zati bat galdu duelako eta Lopezek, atzelari onena izan arren, Floridan egindako egonaldi laburrak eta Iparraldeko emaitzek kalte egin diotelako. Edozein kasutan, Barandika eta Lopez itzelezko bikotea da, Markina-Xemeingo aurtengo txapeldunak dira eta batez ere, mehatxu handia dira Erkiaga artistarentzat eta Thibault Basque Bidarteko atzelariarentzat.
Lopezentzat gainera, errebantxa zaporeko partida izango da biharkoa. Oraindik ez zaigu ahaztu iazko Final Four-ean gertatutakoa. Goikoetxea eta Lopez bikote ziren, elkarrekin jokatutako azken partidan. Amaiera garratza izan zen zumaiarrentzat, ezustean, Laduche eta Basqueren aurka galdu baitzuten.
Biharko jardunaldiari begira, bikote bakoitzaren estrategiari erreparatu beharko diogu eta ikusi egin beharko da, nola eragin dion pilotari bakoitzari iralieko “etenaldiak”. Iraila baita, partida gutxieneko urteko hilabeteetako bat. Biharko bikote irabazlea faborito bezala aurkeztuko da hilaren 21eko finalean, Johan eta Gorka Sorozabal anaien aurrean.
Biharko lehenengo partidarako, eskuma indartsuko bi atzelari aukeratu ditu intendentziak. Lekerika eta Del Rio, aurrez aurre, etorkizun handiko Thomas Urrutia eta EƱaut Urreisti aurrelariek lagunduta. Ezkurdi 52 metroko pilotalekua da eta horrek ikusgarriagoa egin dezake, eskuinez jokatzen duten atzelarien arteko norgehiagoka. Del Rio gasteiztarrak galdu egin zuen pasaden asteko Final Four-eko finalerdia baina bere eskumarekin aurkariak jokoz kanpo utzi zituen bigarren jokoan.





