Bikote txapeldunak 2.000 PUNTU jasoko ditu Jai Alai League-ko denboraldiko lehen txapelketan
Igandea, 12:00tan (ETB 1-en zuzenean)
Eusko Label Winter Series-eko finala
GOIKOETXEA-LEKERIKA vs ERKIAGA-IBARLUZEA
Jai Alai League
Goikoetxea-Lekerika edo Erkiaga-Ibarluzea. Garrantzi eta karga sinboliko handiko finala daukagu etzi Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Egungo zesta-txapelketa garrantzitsuena da Eusko Label Winter Seriesa eta ez litzateke txarra Goiko zumaiarrarentzat, bere ibilbidea txapel horrekin ixtea. Aste honetako elkarrizketetan aipatu du, bere urterik onenak, frontoiak hutsik zirela jokatu dituela. Hala ere, maila onari eutsi dio amaiera arte, frontoiak berriz betetzen diren garai honetan.
Goikoetxearentzat txapela dago jokoan, baina gainerako hirurentzat baita 2.000 puntu ere. Winter Seriesa ez da txapelketa solte bat, zesta-puntako ligako lehen proba baizik. Ligaxkako garaipen bakoitzean 360 eskuratu dituzte bi bikote finalistek. Bakoitzarentzat 1.080 puntu dira denetara. Igandeko irabazleak beste 2.000 puntu sartuko ditu sakura, galtzaileak berriz 1.200. Hauxe da “Slam” maila duten ligako txapelketen saria. “Master” kategorian, garaipen bakoitzaren puntuazioa erdia baita.
Zesta-denboraldi hasieran gaude, urtea luzea da baina Jai Alai Leagueko rankingean posizioak hartzea komeni zaie Erkiaga, Lekerika eta Ibarluzeari. Lehen biek “plaza finkoa” dute Ipar zein Hegoaldeko txapelketa nagusietan eta Ibarluzea berriz, bere aukeren bila ari da. Aukera Gernikan eman diote eta Winter Serieseko finalean dago markinarra.
Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal dira JAI ALAI LEAGUE-eko lehen edizioko txapeldunak. Laduche eta Basqueren aurka jantzi zuten Durangon txapela, iparraldekoek esuztean kanporatu baitzituzten finalerdietan Goikoetxea eta Lopez zumaiarrak.
Liga amaiera urruti ikusten dugu orain. Denboraldiko lehen proban gaude. Oiartzun handiena duenean. Winter Seriesa berezia da eta Goikoetxearen agurrak karga sinboliko berezia ezarri dio gainera igandeko zitari. Hala ere, iritsiko da denboraldi amaiera. Hor ikusiko da zeintzuk izan diren onenak Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa nagusietan. Puntuen kontaketa igande honetan hasten da.





