Jai Alai Leagueko txapeldunak astelehen honetan estreinatuko dira, Ligaren denboraldi berrian eta Eusko Label Winter Seriesean. “Urrezko Gerrikoak” soinean dituztela eta faborito izatearen presioarekin, Xabi Barandikak eta Thibault Basquek beraietaz espero dena erakutsi beharko dute lehenbiziko partidatik, presio gutxiagorekin jokatuko duten Ludovic Laduche eta Mikel Mancisidor “Manci”-ren aurka. Partidaren atarian Mancik adierazi duen moduan, bikote urdinaren helburua maila ona ematea da, eta emaitzak iritsiz gero, hobeto.
Ludo eta Manci, finalera heldu ziren duela bi edizio eta aurtengo helburua, ligaxka gainditu eta finalerdietara igarotzea da. B multzoan gauzak ez dira erraz egongo. Barandika eta Basque-z gain, Urreisti-Atain eta Goitia-Oyhenard bikoteak daude lehian eta soilik hauetako bik egingo dute aurrera. Askok egintzat jotzen dute Barandika eta Basqueren sailkapena eta beste hiruren artean jokatuko beharko lukete multzoko 2. postua. Baina dagoeneko 6. edizioa dugu eta jende guztiak badaki Winterrean ezusteko handiak izaten direla. Presioa faktore garrantzitsua da eta astelehenerako partida oso fisikoa espero da. Bi bikoteei gustatzen zaie tantua landu eta aukera egokia gertatu arte, edo aurkariak erabaki okerra hartu arte, pazientziaz, zain egotea.

B multzo honetan, 3 puntu dituzte Urreistik eta Atainek eta puntu bakarra Goitiak eta Oyhenardek. Laduche eta Mancirentzat, zapore ona izango luke faborito handien aurka 2 eta 1-eko galtzeak ere. Iazko edizioan, pilotakada larri batek kendu zien Barandikari eta Basqueri, finala elkarrekin jokatu eta zesta-puntako txapel garrantzitsuena irabazteko aukera. Aurten, justiziaz, bikote gisa errepikatuko dute eta helburua, ezbeharrak saihestu eta elkarrekin otsailaren 13ko zita handira iristea da. Donostiako Baldan lortutako Liga tituluak eta Urrezko Gerrikoak indartu egin ditu bikote gisa. Manciren kasuan, Gernikan udako txapela irabazita heldu da Winterrera. Bai, Barandikarekin izan zen baina udako garaipen hori konfiantzarako ere mesedegarri izango zaio.




