Partidak irabazteko oso garrantzitsua da besteak baino “bat gehiago” sartzea. Egindako hutsen diferentzia handia bada, oso zaila da akats gehiago egin dutenek, garaipena lortzea, eta gaur ere halaxe gertatu da. Jean Olharanek eta Gorka Sorozabalek partida segurua jokatu dute, oso huts gutxi egin, pilotan jokatu eta elkarrekin ondo komunikatuz. Lehen seta galdu egin dute, baina 12-7 joan dira markagailuan aurretik. Bigarrenean ere berdin (12-7), baina oraingoan ez diete aurkariei markagailua iraultzen utzi, gutxigatik. Johanek eta Ibarluzeak huts gehiegi egin dituzte, batez ere Markina-Xemeingo atzelariak partidaren lehen laurdenean eta azken jokoko 5 eta 0-ekoak justizia egin du. Gaurko galtzaileek Erkiaga eta Salegiren aurka jokatuko dute datorren astean, eta edizio honetako “lehen finala” izango da.
Urduri hasi du partida Ion Ibarluzea, bi aldiz Winterreko txapelduna denak. Lehen atsedenaldira 8-6 heldu dira eta markinarrak 7 pilota utzi ditu eraman gabe (behartuak eta behartu gabeak). Johanek ordea konfiantza mantendu dio eta partidan egonkortu egin da Ion. Atzeko horman tantu batzuk egin ditu eta bere aurrelariak tantu ikusgarriak egin ditu. 7-6koa nabarmentzekoa izan da. Hamargarren koadrotik, hormabikoa bota du, indartsu eta errebesez. Potentzia handiko mutila da, eta pilotari azpi azpitik emanda, benetako misilak jaurti ditu bere anaia zaharraren aurka. Hala ere, bikote hobea osatu dute Olharanek eta Gorkak, elkarrekin sintonian jokatuz eta 12-7 aurretik izanda, ihes egin die setak. Marroiek bost tantu egin dituzte erreskan (4 Johanek, 1 Ibarluzeak). 12-12, 13-13 eta 14-14 berdindu ostean, Paueko aurrelariri ezker horman gora joan zaio pilota bat (14-15).
Bigarren jokoan, zalantzatiago hasi da Johan bera, erremateetan gutxiago asmatuz. Lehen setean bezala, zuriak 12-7 jarri dira aurretik baina oraingoan ez die jokoak ihes egin. Johanek hormabikoz, errebotean eta barruan goxo utzita egin ditu tantuak eta berriz jarri ditu estuasunean aurkariak (14-13). Oraingo honetan hala ere, ez da zurien despisterik izan eta jokoa ixtea lortu dute (15-13). Azken jokoan berriz, kolore bakarra izan du partidak. Zuria. Bost tantutik hiru egin ditu Olharanek (txula, errebesez egindako horma-biko ederra eta txapa gainean moztutakoa). Gainerako biak aurkarien opariak izan dira. Segurtasuna izan baita, partida irabazteko gakoa (5-0).

Erkiagak eta Salegik ere ez zuten, pasaden astean, euren maila erakutsi. Hurrengo jardunaldian A multzoko bi galtzaileek jokatuko dute. Orduan ikusiko da, zein hondoratzen den markagailuan eta zeinek hartzen duen lehen bi postuetan sartu ahal izateko igogailua.
A MULTZOA
1. Goixerri-Lekerika 4 pt (+9)
2. Olharan-Gorka 3 pt (+6)
3. Johan-Ibarluzea 1 pt (-6)
4. Erkiaga-Salegi 0 pt (-9)
ARGAZKIAK: https://lightroom.adobe.com/shares/4fbf32db6f8644699cafe3bb0ef1edb0




