Pronostiko argirik gabe iritsi zaigu Eusko Label Winter Serieseko 3. jardunaldia (txapelketako 4. partida da, lehen jardunaldi bikoitzaren ondoren). Johan Sorozabal eta Ion Ibarluzeak, bien artean, Winterreko 3 txapel dituzte eta ez da gutxi. Hala ere, zehaztapenak egin behar dira. Johanen kasuan, iaz zuzenean sartu zen finalean Barandika lesionatuaren ordez. Ibarluzeak ostera, aurreko bi tituluak irabazi zituen eta biak Erkiagarekin. Iaz bikotea errepikatu eta ez zuten lehen fasea gainditzerik lortu.
Johan eta Ibarluzea, biak dira errebes luzeko pilotariak, Gernikarako aproposak eta bikote moduan funtzionatzea, ondo komunikatzea eta elkarrekiko konexioa izatea dira euren erronka nagusiak. Ez dira elkarrekin asko jokatu duten bi pilotari eta bikotea egin, osatu egin behar da. Parean izango dituzte Jean Olharan eta Gorka Sorozabal.
Olharan esperientzia handiko pilotaria da. Urte asko daramatza Gernikan, negu eta uda jokatzen. Iaz ordezko moduan jokatu zuen Winterra eta agian, orduan erakutsi zuen bere mailarik onena. Zenbat eta galtzeko gutxiago izan, orduan eta ausartago jokatzen du Olharanek. Zenbat eta aurkari gogorragoak, orduan eta buru-hauste gehiago hauentzat. Partida normaletan berriz, denetarik egin dezake. Gorka Sorozabal hurrengo belaunaldiko pilotaria da (12 urteko aldea dute) baina askotan jokatu dute elkarrekin, batez ere, Iparraldeko txapelketetan. Johan eta Ibarluzearen artean oraindik egiteko dagoen bikote izaera hori, Jean Do-k eta Gorkak egina daukate. Sorozabal anaietan zaharrenak koadroko atzelari onena izateko materiala dauka baina erregulartasuna lortu behar du oraindik. Urte osoan, maila antzerakoan jokatzea, gora-behera hain handirik gabe.
Zalantza gehiegi beraz, pronostiko argirik egiteko. A multzo honetan, punturik gabe daude Erkiaga eta Salegi eta adi jarraituko dute asteleheneko partida. Lehen jardunaldian ez zitzaizkien gauzak ondo atera eta argi geratu zen, entseguak behar dituztela. Asteleheneko neurketa ofizialaren aurretik, kantxan izango dira bi bizkaitarrak, partida erabakigarria baitute azaroaren 16an.




